IKASTOLAREN SORRERA

“Bilboko Gotzaingoaren Irakaskuntza Eskuordetzaren onespenarekin, Lourdesko Ama eta San Adrian parrokian Euskal Katekesia jarri da abian”.

Horixe da Bilboko San Adrian auzoko parrokiak argitaratutako iragarki folletoan agertzen denaren hitzez hitzeko transkripzioa. Horren bidez, 3 eta 5 urte bitarteko haurrak euskaraz eskolaratzeko aukeraren berri eman zitzaien gurasoei. Folleto hori 1973-74 ikasturtean “Comercial Ganeko”ren laguntzarekin argitaratua izan zen.

San Adriango Euskal-katekesia hamairu haurrekin hasi zen, parrokiaren 270m2-ko lokal batean. San Adriango eskolaurrearekin batera, Aixerrotako Euskal-katekesia ere abiarazi zen eta, geroxeago, Karmengo eskolaurrea.Hiru eskolaurre horien nahia zen haurrek euskaraz ikasten segitzea, beraz ahalegina batu eta OHOra elkarrekin jotzea erabaki zuten. Tramitazio luzearen ondoren, Artxandape ikastola izango zena eraikitzeko lekurik egokiena Familia Santuaren parrokia zela erabaki zen. Ikastola hiru eskolaurretako haurrek osatu zuten.

Denbora joan eta aurrei OHOra joateko garaia iritsi zitzaien, baina oraindik hasteko zen Artxandape ikastolaren eraikuntza. Egoera horren aurrean Artxandapeko behin-behineko Batzak ordura arte eskola nazionala izan ziren San Adriango lokal batzuk lagatzea eskatu zion Bilboko Udalari. Bilboko Udalak “prekarioan” lagatu zizkien. Eta urteak aurrera joan ziren. Ikasle kopurua gorantz zihoan eta, aldi berean, ikasgela gehiago izatejo eskariak eta lagapenak. Hala ere, ez zegoen jolastokirik, ez gimnasiorik, ez arteperik.

Egoera kaxkar horretan ekin zitzaion 1979-80 ikasturteari. Artxandapeko jatorrizko Zuzendaritza Batzak, Bilboko Udalaren hirigintza egistamoen aurrean, Goitzangoaren konponbide zehatzik ezean eta hurrengo ikasturtean lagatutako ikasgeletan ematerik ez zegoenez (lekurik ez zegoelako), haurren heziketa duina bermatuko zuen behin betiko konponbidea bilatzea erabaki zen.

Batzak hainbat aukera aztertu eta baloratu zituen: Karmeloko lokalak, Artxandako Oblatas, Mesedeetako komentua,… Hala ere, alternatiba horietako batek ere ez zituen bermatzen gurasoek seme-alabentzako nahi zituzten gutxieneko baldintzak.

Hori horrela, Batzak ikastola sortzea aztertu zuen, kooperatiba erregimenean eta gurasoen nahia beteko zuena, hots, haurren etorkizuna bermatuko zuen behin betiko ikastetxe egonkorra.

San Adrianen eraikin bat aurkitu zen “Maga Fabrika”, zituen ezaugarriekin eskola aldi guztiak -Eskolaurretik UBIra bitartekoak- hartzeko aukera eskaintzen zuena. Azterketa arkitektoniko eta ekonomikoei ekin zitzaien eta, amaitutakoan, Batzar Nagusirako deia egin zen gurasoei bi aukeren berri emateko:

MAGA PROIEKTUA

Haurrak Oblatasera lekualdatzea, Artxandape ikastola eraiki bitartean.Bi alternatibak azaldu eta bozketan, emaitza hau lortu zen:
%57,4 (73 haur) Maga proiektuaren alde. %30,7 (39 haur) Artxandape eraiki arte itxarotearen alde.
%11,8 (15 haur) beste ikastegi batzuetara lekualdatzearen alde.
Zatiketa gertatu zen eta Batzarraren %57,4k irakaskuntza kooperatiba eraikitzen segitzea erabaki zuen; etorkizun hurbilean Urretxindorra Ikastola izango zena, hain zuzen.Maga San Adrian auzoko lursail batean zegoen altzari fabrika zahar bat zen. Eraikinak lau soilaru zituen eta beste bat eraikitzeko aukera eskaintzen zuen. Solairu bakoitzak 1.005m2-ko gainazala zeukan, beraz, eraikinak irakaskuntza arautuko aldi guztiak -Unibertsitaterako sarbidera bitartekoak hartzeko tokia eskaintzen zuen. Eraikin horren beste abantaila bat Lezama-Leguizamonen lursail batzuk mugakide izatea zen; aldi hartan salgai zeuden eta bertan jolaslekuak eraiki zitezkeen. 1980-81 ikasturtean, Urretxindorra irakaskuntza kooperatibaren instalazioak inaguratu ziren.

YouTube
Instagram
Urretxindorra Ikastola